Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzain armeniarra hil da. Urtarrilaren 21ean zendu zen, bihotzekoak emanda, 55 urte zituela,
Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez. Vahan Sarkisian Erevanen (Armenian) sortu zen, 1954ko martxoaren 12an. Filologia Zientzietan doktorea zen. Erevanen, Estatuko Unibertsitatean, irakaslea zen, bai eta Filologia Erromaniko Katedraren zuzendaria ere. Armeniera-euskara Estudioen Saileko sortzaile eta irakaslea zen Sarkisian eta "Araxes" izeneko armeniera-euskara nazioarteko aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria. International Linguistic Academy elkargoko zuzendaria zen eta Asociacion Internacional de Hispanistas delakoaren kidea. Euskal Herriaren eta Armeniaren arteko lotura kultural eta linguistikoak aztertzearen eta sakontzearen aldeko zen. Euskal kulturaz klaseak ematen zituen Unibertsitatean eta, azken urteotan, euskara ikastaroak ere. Argazkia: cc-by-nc-sa Euskaltzaindia.