Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak gogoratu du Bela Eskola 2008ko amaieran sortu zela eta "bere helburua belaren kirola demokratizatzea zela, hau da, belaz gozatzeko aukera mundu guztiari zabaltzea". "Horrez geroztik buru belarri aritu da kirol jarduera hori sustatzeko lanean. Berriro itsasora eta belara begira jartzeko aukera izan da, eta gazteak eta umeak erakartzeko kirola egitea baino hoberik ez dago”, gaineratu duenez. Helburu hori lortzeko, hainbat jarduera antolatzen dituzte: hala nola, kirola eskola, asteburuko irteerak eta estropadak, eta beste erakunde batzuekin lankidetza. Azken horiek, era askotako ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzeko. Horiei gehitu beharko zaizkie hemendik aurrera eskolako aretoan egingo diren Pakea Bizkaia egitasmoaren ekintzak, aretotik egunero 50 ikasle igaroko direla.
Abrako badia osora zabalik
Unai Basurkoren arabera, berriz, “bela Getxon sartzea lortu behar dugu. Nabigatzaile eta Getxoko bizilagun gisa, nire ametsa da eta egunero egiten dut lan horren alde. Garrantzitsua da bela urte osoan egitea. Hemen urte osoan nabigatzeko baldintzak ditugu. Eta eskola Getxoko bizilagun eta ume gehiagori zabaltzeko giltza da”. EKFBko presidenteak, Rafael Munillak, azkenik, Pakea Bizkaia egitasmoaren jarduerak bela eskolakoekin guztiz bat datozela nabarmendu du; eta horregatik, epe labur, ertain eta luzerako hitzarmena sinatu dela. Udal Bela Eskola aipatu kirola egiten hasteko eta hori berau sustatzeko zentroa da, “Getxo eta Abrako badia osora zabalik dagoena. Belak duen izaera elitista garaitu eta gizartera gehiago hurbildu behar dugu”, esan du Munillak.