Modu honetan, osasungintza eremuan betitik egondako gutxieneko zerbitzuen inguruko adostasuna puskatu egiten da zeren, era ulergaitzean, lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak %20an handitzen dira.
Aginduak garraio sektorean zerbitzu eta maiztasunen %30a bermatu behar dela dio. Kasu honetan, 24 ordutako greba izanda, erabat gehiegizkoak suertatzen dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Gainera, igoera hau arrazoi gabea eta gehiegizkotzat jo zuen epaietako batek ez baitu zerikusirik herritarrek honelako greba egun batean dituzten beharrekin, ohiko joan-etorriak asko gutxitzen baitira, administrazioak beste dekretu batzuetan onartu izan duen bezala.
Bestalde, eguneko zentroak adinekoen egoitzen pare jarri dituzte. Ulertezina gertatzen den parekatzea, izan ere lehenengo hauek igande eta jaiegunetan itxirik egoten baitira eta ondorioz gutxieneko zerbitzuen agindutik kanpo egon beharko lukete. Sektore honetan berriro ezartzen da eguneko zentrotarako garraioa gutxieneko zerbitzutzat, nahiz eta TSJPV-ko 780/10 epaiak espresuki legez kanpokoa deklaratu.
Kezkagarria da hezkuntzari dagokionean harturiko erabakia, hain zuzen aipatutako epaien aurka baitoa. Oraingoan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri dira hezkuntza arloan ikastetxeen irekierara behartuz. Auzitegiaren epaiak bete gabe uztean gain (aurreko grebetakoaren berdina ezartzen zuten), ulertezina da hezkuntza funtsezko zerbitzutzat jotzea egun bateko greban eta zentro guztiak irekitzera behartzea.
Erabaki honekin hezkuntzako langileen greba eskubidea, eta baita hezkuntzaren arloan aritzen diren atezain kolektiboaren greba eskubidea ere, larriki urratzen da eta egun horretan eskolara gerturatzen diren ikasleen segurtasuna bera ere zalantzan jartzen da, izan ere zentroetan irakasle bakarrarekin aurki baitaitezke.
Gauza bera esan daiteke Haur eskolei dagokienez, non irekiera bermatzea eskatzen den nahiz eta pertsona bakarra izan. Hau ere funtsezko zerbitzua al da egun bakarreko greban? Nola bermatuko da joan daitezkeen haurren segurtasuna? Argi dago hau ez dela Jaurlaritzaren ardura, greba indargabetzea baizik. Antzeko irizpideak erabili dituzte lehen aldiz gutxieneko zerbitzuak ezarriz Unibertsitatean edo Musikene Goi mailako Musika Ikastegian.
Dekretuari gehiegizko deritzogu, besteak beste, okerreko abiapuntua hartzen duelako. Etengabe berdintzen dira oinarrizko eskubide den greba eskubidea, eskubide konstituzionala izanik ere konpara ezina den lanerako eskubidearekin. Eta ondorioz, lehenak duen babes berezia urratzen du gobernuak.
Azken batean, Jaurlaritzaren erabakiak greba egiteko oinarrizko eskubidea galarazi nahi du, eta ezarri diren gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izanik, deialdiaren hedapena eta eragina mugatu. Beste behin, Jaurlaritza honek agerian utzi du berarekin ados ez datorren eta bere erabakiei aurre egiteko prest agertzen den edonor gutxietsi eta paretik kentzeko duen erabaki irmoa.
Greba deitu dugun sindikatuok Agindu honen kontrako helegitea aurkeztuko dugu eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu gure proposamenei jarraituz agindua zuzendu eta zentzuzkoagoa den bestelako bat argitara dezala. Edozein modutara ere, langile guztiei dei egiten diegu agintekeria eta greba indargabetzea ahalegin hauen aurrean indartu daitezen, greba eskubidea askatasunez gauza dezaten eta inposatu nahi dizkiguten neurri hauei guztiei behar adinako erantzuna eman diezaiegun.
ELA, LAB eta EILAS