Toledoko itunaren gomendioek "greba orokorraren beharra berretsi dute" sindikatuen ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 26a, 15:06
Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo Toledoko itunaren gomendio txostena onartu izana "izapide hutsa" da, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalaren ustez, "ostiralean, urtarrilaren 28an, Espainiako Gobernuak azken 25 urteotako pentsio sistema publikoaren kontrako erasorik latzena burutu dezan". ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek adierazi dutenez, onarpen hori "antzezpena baino ez da". Ildo horretan, "Kongresua antzezpen horretan gobernuak inposatutako epeak betetzeko prest agertzea" salatu dute. Langile erakundeek azaldu dutenez, Toledoko Itunaren funtzioa "bost urtetik bost urtera pentsioen murrizketa berri bati bidea zabaltzea" da. "Orain onartzen dutena bost urte barru berriro moldatu nahi izango dute eta, beraz, murrizketek amaierarik izango ez dutela salatzen du euskal gehiengo sindikalak. Pentsio sistema publikoaren etengabeko deskapitalizazio baten aurrean gaude", zehaztu dute. Neurrioi "herritar guzti-guztien kontrako eraso basatiak" deritzete sindikatuek, "eta bereziki egoera prekarioenetan dagoen jendearen eskubideen kontrakoa". Horren helburua "aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoaren bidea sakontzea besterik ez" dela uste dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRUk. "Toledoko Itunaren gomendioek urtarrilaren 27ko greba orokorraren deialdian berresteko arrazoi are gehiago baino ez digute ematen euskal gehiengo sindikalari", amaitu dutenez. Argazkian, 2009ko maiatzaren 21eko greba eguneko kotxe karabana Leioako Artea merkatalgunean.
Irakurri atzo ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek zabaldutako oharra:

Gaur espainiar parlamentuan Toledoko itunaren Gomendio Txostena onartzea izapide hutsa da, ostiralean, urtarrilaren 28an, espainiar Gobernuak azken 25 urteotako pentsio sistema publikoaren kontrako erasorik latzena burutu dezan. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok onarpen hau antzezpena baino ez dela eta Kongresua antzezpen horretan gobernuak inposatutako epeak betetzeko prest agertzea salatzen dugu.

Espainiar gobernuak egunero mehatxatzen gaitu neurri mota birekin:

- Pentsioa jasotzea gero eta lagun gehiagori galarazi edo zailduko dioten neurriak alde batetik. Multzo honetan erretiro adina 67 urtetara luzatzea, pentsio kontributiboa jasotzeko urte gehiago exijitzea edota aurrejubilazioak mugatzea daude. Toledoko Itunak neurri hauei guztiei zuzenean babesa eman edo egiten uzten du.

- Beste neurri multzoaren helburua pentsio berriak murriztea da. Toledoko Itunaren dokumentuak neurri oso larriak barnebiltzen ditu honi dagokionez, esate baterako, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua handitzea. 15 urtetatik 20 urtetara pasatzeak pentsio berriak bataz beste %6an murriztuko direla dakar. 25 urtetara pasatzeak%10ean eta 35 urtetara %20an murriztuko direla esan nahi du.

- Orain arte pentsioen balioa handitzeko erabili izan den indizea KPIa izan da. Hemendik aurrera pentsioen eros ahalmenari eutsiko ez lioketen bestelako indize batzuk erabiltzeko gomendatzen da, beste alde batetik. Honetaz gain, 2011 urterako gobernuak pentsioak izozteko hartu duen neurriak berez jadanik jaitsi du momentu honetan pentsio bat jasotzen duten lagunen eros ahalmena.

- Ulertezina da banaketa sistema publiko eta solidario batean pentsio sistema pribatu osagarriak bultzatzen jarraitzea. Zentzu honetan, plan pribatu hauek are gehiago zabaltzeko helburuaz, hobari fiskalak handitzea proposatzen da.

- Gomendioetako batek emakumeak aipatzen ditu espresuki, hala ere emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko benetako neurriak ezartzeko aukera alferrik galtzen du. Honela, sexuaren araberako lanaren banaketa sisteman sakontzen duten neurriak ekartzen dituzte hizpidera eta zaintza lanak emakumeei egozten dizkiete.

Toledoko Itunaren funtzioa bost urtetik bost urtera pentsioen murrizketa berri bati bidea zabaltzea da. Orain onartzen dutena bost urte barru berriro moldatu nahi izango dute eta, beraz, murrizketek amaierarik izango ez dutela salatzen du euskal gehiengo sindikalak. Pentsio sistema publikoaren etengabeko deskapitalizazio baten aurrean gaude.

Neurriok herritar guzti-guztien kontrako eraso basatiak dira, eta bereziki egoera prekarioenetan dagoen jendearen eskubideen kontrakoa. Honen helburua aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoaren bidea sakontzea besterik ez da.

Toledoko Itunaren gomendioek urtarrilaren 27ko greba orokorraren deialdian berresteko arrazoi are gehiago baino ez digute ematen euskal gehiengo sindikalari. Egunetik egunera gero eta agerikoagoa da greba orokor honen bidez aukera handia daukagula Zapaterori exijitzeko iragarritako murrizketak 28an ez ditzala onartu. Greba honen bidez, alderdi politiko guztiei, baita gaur Ituna onartzen duten horiei (PSOE, PP eta PNVri), pentsioak murrizteko neurri guztiak baztertu ditzatela exijitzen diegu. Gobernuari ez bazaio erantzuten, egiten uzten zaio eta euskal gehiengo sindikala ez dago prest horretarako. Euskal gehiengo sindikalak gaur eta orain gure pentsioak bermatzea exijitzen dugu. garaiz gaude erreforma gure izenean egingo ez dela erakusteko eta garaiz gaude erreforma geldiaraziko duen erantzun sendoa emateko.

Bilbon, 2011ko urtarrilaren 25ean

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta HIRU
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun