Goizeko bederatzietan Fadura kiroldegitik abiatu da dozena luze bat ibilgailu, Algortan zehar kotxe karabana egiteko asmoz. Klaxona jota zabaldu dute kaleetan zehar greba orokorraren aldeko oihartzuna. Behin lurra hartuta, dendaz denda eta tabernaz taberna joan dira eskuorriak banatzen eta banketxeren batean gaurko grebaren aldeko pegatina handiak itsasten. Orotara, 30 lagun inguru batu dira Algortako piketera. 10:30ak aldera, saltoki gutxi batzuk baino ez zeuden itxita herrigunean; eta zabalik zeudenetatik pertsiana jaitsi duten gehienek grebalariak igarota altxatu dituzte. Bestalde, ezezagunek pintaketak egin dituzte supermerkatuetan eta hainbat banketxeetan; baita Zabala kaleko herritarren arretarako bulegoan ere. Besteak beste, Basagoiti Etorbideko Ipar Kutxan "lapurrak" hitza margotu dute, greba orokorraren aldeko aldarriekin batera.