Dagoeneko sei dira Itzubaltzeta / Romon Ertzaintzak identifikatutako lagunak, bertako Greba Batzordeak jakinarazi duenez.
Goizean izandako bi identifikazioei beste lau gehitu zaizkie azken orduotan. Horrela, kalez jantzitako lau ertzainek herritik zebilen pare bat gazteri gelditzeko agindu diote. Ostean, hainbat bankuren aurka gorotzak bota izana leporatu eta identifikatu dituzte. Gainera, gazte lonja batetik irteten ikusi dituztela esan dute poliziek eta inolako agindurik gabe lonja horretan sartu eta ingurua arakatu dute, eramandako eta bertako gazteen kexen artean. Hamabost bat minutu izan dituzte gazteak lonjan erretenituta. Greba Komitearen aburuz, "gezur galanta" izan da guztia, kalean hartutako gazteak ez dutela zer ikusirik aipatu lonjarekin. Bestalde, Bilboko manifestaziotik bueltan, bizikletaz etorri diren bi lagun Leioan gelditu eta identifikatu dituzte ertzainek. Horren arrazoia zein zen galdetuta, "kasko barik zirkulatzeagatik" esan dute poliziek.