Euskal gehiengo sindikalak eta hainbat alderdi, sindikatu eta jendarte eragileek deituta, Hego Euskal Herriko ehunaka mila langilek greba egin du gaur, pentsioen erreformaren aurka protesta egiteko. Eusko Jaurlaritzak, baina, protesta uholdeari garrantzia kendu nahi izan dio. Horrela, Sonia Perez eta Rafael Iturriaga Lan eta Segurtasun sailburuordeek enpresetan parte-hartzea %13 eta %30 artekoa izaten ari dela esan dute. Industria sektorean, berriz, %21ean kokatu dute grebaren eragina. Haien iritziz, dendak "normal" ari dira gaurkoan. Horrek talka egiten du sindikatuek, komunikabideek eta internautek islatu duten egoerarekin. Izan ere, guztiek azpimarratu dute grebak indar handia hartu duela industrialdeetan. ELAk eta LABek, berriz, arratsaldean iragarriko dituzte gaurko datuak baina dagoeneko adierazi dute erantzuna "oso handia" izan dela eta pozik agertu dira. Argazkian, Idiazabalgo Haurreskola Partzuergoko langile batek salatu du zerbitzu minimoek bahituta zegoela lanean / © LAB sindikatua.