Eroskik Leioako Txikia etorbidean duen supermerkatua metrailetaz gorde egin du Ertzaintzak. Arratsaldeko 4:15ak aldera heldu da horraino pentsio duinen aldeko auto-karabanak eta bertan Ertzaintzaren Brigada Higikorreko bi furgoneta topatu dituzte eskualdeko langileek. Gutxienez, polizietako bat metraileta eskuetan ikusi dute sindikalistek, ibilgailuak aparkatzen ari zirela. Behin, arma automatikoa gordeta, beraiengana zuzendu eta supermerkatu barrura sartzea eragotzi diete grebalariei "beltzek". Azkenean, mokokaldi baten ostean bi delegatu sindikal utzi dituzte sartzen, supermerkatuan aritzen zirenei haien eskubideak eta pentsio erreformak ekarriko dituen murrizketak azal zitezen. Horiek barruan, eskubide sozialen murrizketaren aurkako leloak oihukatu dituzte bildutako 60 bat lagunek. Megafonoari helduta, ertzain baten ondo-ondotik "hauek dira ugazabaren piketea" eta "lan gehiago, polizia gutxiago" leloak errepikatzen hasi direnean oldartzeko keinuak egin dituzte ertzainek eta tentsio uneak izan dira. Halere ez da istilurik gertatu. Ostean, delegatu sindikalak irten direnean, auto-karabanak Artea merkataritza gunera jo du, ertzainak atzean jarraika zituela. Argazkian, poliziak grebalariengana joaten Leioako Eroski merkatalgunean.