Ezezagunek beste hiru edukiontziri su eman zieten hilaren 25ean Sopelan,
"Deia" egunkariak joan den astean zabaldu zuenez. Oraingo honetan, Zabalbide kalean izan ziren nahita piztutako suteak eta, aurrekoetan bezala, piromano batek edo batzuek eginak omen dira. Azken hilabeteotan, Sopelako metro geltoki inguruan eta Plentziarako errepidean jazo dira horrelako gertaerak.
Abenduaren 29an, goizaldean, Zubigane kalean piztu zuten sua. Ondorioz, zazpi kontainerrek eta alboan zegoen ibilgailu batek kalteak izan zituzten.
Bi aste lehenago, abenduaren 17an, ezezagunek bederatzi edukiontzi erre zituzten Zubigane eta Zabalbide kaleetan. Ikerketek, ordea, ez dute orain arte emaitzarik izan. Udal iturrien arabera, 24 dira azken hilabeteotan erretako kontainerrak: kalteak 60.000 eurotara heltzen dira. Argazkian, 2009ko abenduaren 6an, goizaldean, ezezagunek Leioan eragindako suteek 19 edukiontzi eta 8 ibilgailu kiskali zituzten. Gaixo psikiatriko bati leporatu zizkioten ekintzak / © Leioa.net.