Gernikako Akordioari baietza eman zion Sopelako Udalbatzak, urtarrilaren 26an izandako osoko bilkuran. Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Berdeek aurkeztu zuten proposamena eta talde horien aldeko botoekin aurrera egin zuen mozioak,
Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. EAJ abstenitu egin zen, eta PP zein PSE-EE taldeetako zinegotziek ezezkoa eman zuten. Azken bi alderdi horiei "normalizazio politikoari aukera eman diezaioten" eskatu zieten ezker abertzaleko zinegotziek, "interes elektoralista hutsak, nola edo hala Lakuan jarraitzea, ez aurrejartzeko herri honen normalizazio politikoari". "Bada garaia zentsurik gabeko sarekadarik egiten uzteari (agian zentsua maltzurra badute sarekada hauek: probokatzea eta leherraraztea prozesu hau). Bada garaia egungo espetxe politikoarekin bukatzeko, eta bada garaia Euskal Herriko jarduera politiko guztiak legalak izan daitezen", gaineratu zutenez. Argazkian, Sopelan babes zabala jaso du Gernikako Akordioak.