EPPK osatzen dugun euskal herritarrok erabateko determinazioa dugu. Euskal Herria izango da! Hori da gure borroka. Eta helburu horretan gaur arteko errepresioaren bidezko erabilpen politiko saioei aurre egin diegun bezala, etorkizunean ere aurre egiteko determinazioa erabatekoa daukagu.
Gure borroka Euskal Herriaren borroka da, gure herriaren aitortzaren aldeko borroka; gure herriaren burujabetasunaren aldeko borroka hain zuzen ere.
Euskal herritarron hainbat generazioen konpromisoak eta borrokarako prestutasunak ekarri gaitu egun bizi dugun abagune politikora. Urte luzeetan egin dugunari jarraiki, une honetan ere, EPPK eragile politiko aktibo gisara arituko da. Gure kolektiboaren existentzia osoan zehar bezalaxe, gauden, gauzkaten ziegetatik, Euskal Herriaren askapen prozesuari gure ekarpen xumea egiteko borondate irmoa daukagu. Euskal Herriarentzat marko demokratiko bat eraikitzea helburu duen prozesu demokratikoan gure ekarpenak egin eta prozesu bera ezaugarritzeko eztabaidatan parte aktibo izateko eskubide osoa dugu eta horretarako prestutasuna eta grina ere baditugu.
2010eko Abenduaren 27an argitara emandako azken agirian horrela genioen: «Hausnarketa sakonak, eztabaida zabalak eta erabaki politikoak Prozesu Demokratiko baten beharraz mintzo dira. Bere abia irabazi, garatu eta gauzatu behar den ibilbide politiko bat, behin betiko konponbide demokratiko batera eraman behar gaituena: Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua, hain justu.
Gure isolamendu politikoa bilatzen duen politika krudelaren gainetik, EPPK ibilbide politiko horretan murgildurik izanen da, eragin egingo dugu, nola ez, bada. Gure izaeraren aitortza eta Estatuen gure aurkako jarrera bortitzaren etenak, prozesua abiatze edota indartze aldera, gutxiengo baldintza demokratikoetan kokatuak eta lortuak izan behar direlakoan gaude. Presoon estatus politikoaren aplikazioaz ari gara; jasan beharreko tratu duinetik hasi eta prozesuan geure parte hartzeraino, eskubide zibil eta politikoen aldarri taularen errespeturaino, gure errekonozimendu politikotik pasatuz.
Aipatutako bide horretan, Gernikako akordioak garrantzia duela deritzo EPPK-k. Euskal Herriaren etorkizuna modu demokratikoan eraikitzea ahalbidetuko duten zutoinen artean Amnistia kokatzen du akordioak berak. Halaber, amnistiaren bidean euskal preso politikoen eskubideen aitortza eta errespetua eskatzen du. EPPKrekin erabateko lotura duten gaiak dira aipatutakoak, baita zuzen zuzenean eragiten diotenak ere.
Prozesu demokratikoa ezaugarritu eta abian jartzeko ahalegin horretan, harremanak normalizatu eta prozesuan EPPKren parte hartzea bermatzeko ahalegina eskatu diegu aipatu eragileei. Gernikako akordioaren ordezkaritza ofizial bat EPPK-k izendatua duen mintzakidetzarekin harremanetan jar dadin da eskatu dieguna hain zuzen ere.
2011eko urtarrilaren 25.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK)