Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, Leioako taberna batean lapurreta egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, tartean, polizietako bat zauritu ere egin da, ustezko lapurra harrapatu dutenean horrek "aurka egin" dionean. Goizaldeko hirurak aldera jaso du abisua Ertzaintzak. Leioako taberna ingurura hainbat patruila auto bertaratu dira eta kanpoko pertsiana indarrez irekita zegoela ikusi dute. Jabeari gertatutakoaren berri eman ostean, agenteek taberna miatu dute. Herrizaingo Sailak dioenez, 27 urteko gizonezko bat aurkitu dute barruan eta atxilo hartu dute. Aurkitu dutenean, susmagarria agenteetako baten gainera joan dela ere zabaldu dute: "borroka egin dute, baina azkenean atxilotu egin dute". Ertzainak zauri arinak omen ditu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!