Aitor Soloeta Ogasun zinegotziaren hitzetan, “zerbitzuak ematerakoan gaur egungo maila mantentzea, Getxo Antzokia eta Romoko Kultur Etxea bezalako proiektu estrategikoen jarraipena, udal lurraren ondarean inbertsioa eta inbertsio berrietarako dirua soberan edukitzea bermatzen du Udalaren egoera ekonomikoak, datozen sei urteotan (2012-2017). Horretarako, 9 milioi euroko zorra baino ez dugu behar izango. Legegintzaldian zehar zor zaharra 13 milioitan gutxitu dugu eta datozen 6 urteetan beste 13 milioitan murriztea aurreikusten dugu”.
Eztabaida politikoa
Udalbatzak, halaber, PPk eta Alternatibak aurkeztutako osoko eta zatikako zuzenketak bertan behera utzi zituen. Popularrek aurrekontuen aurka bozkatu zuten, Eduardo Andrade zinegotziaren esanetan, “neurriz kanpokoak direlako eta dutelako krisiaren aurkako neurririk planteatzen. Era berean, Getxoren geroa baldintzatzen dute, Getxo Antzokira bideratutako aurrekontuak direlako, garrantzitsuak diren hainbat gai ahaztearekin batera: hala nola, enplegu sustapena, ekonomia eta merkataritzaren sustapena, Gizarte Zerbitzuak, etxebizitzak egiteko lurra erostea, presio fiskalaren murrizketa, Areetako Xake plazaren zaharberritzea…”. Andradek kritikatu zuenez “agintaldia inbertsio ahalmeneko 20 puntu gutxiagorekin amaituko dugu”. Alternatiba taldeko zinegotzi Manu Basantak ere aurrekontuen aurka bozkatu zuen, “horiek egiteko erabilitako prozesuagatik, ez baitu parte-hartzea ahalbidetzen". "Iaz ere esan nuen: aurrekontuak oposizioaren, sindikatuen eta giza mugimenduen iritzia aintzat hartu gabe egitea pentsaezina da”, gaineratu zuen Basantak.
PSE-EEk diru-kontuei bere babesa eman zien "erantzukizun politikoarengatik"; baita "sozialisten zenbait zuzenketa jaso direlako" ere. Luis Almansak esan zuen “jarduera ekonomikoa eta enpleguaren alde" egiten duten aurrekontuak direla. Jarraitu zuenez, "izaera sozial nabarmena dute, Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan diharduten elkarteentzako diru-laguntzak %25 igo direlarik, gure proposamenei esker”. Tokiko sozialisten buruaren ustez, “aurrekontu hauekin Udalak babes handiagoa emango die getxoztarrei beraien arazoak konpontzeko”. Azkenik, Aitor Soloeta Ogasun zinegotziak nabarmendu nahi izan zuenez, “lau urtean mailegu berririk ez eskatzeaz gain, 13 milioi euro ere amortizatu dira. Legegintzaldia Udalak zor txikiagoa duela amaituko dugu eta finantza egoera on batekin, tasak eta zergak euro bakar batean ere igo barik (are gehiago, zaramaren tasa jaitsiz) eta aurrekaririk ez duen Getxo modernizatzeko eta eraldatzeko prozesua abiatuta. Prozesu horren jarraipena bermatuta dago”.