Ezin esan nezake andre hura sorgina zen ala ez, baina halako batean gertaera magikoa jazo zen, ezen musikariak —andre harekin errespetuz jokatzearren?— unetik unera euskararen erabilera urrituz joan ziren, hainbesteraino non azkenerako txisteak ere gazteleraz egiten zituzten. Amaieran galderak egiteko txanda bat zabaldu zen, eta zeresanik ez minutu haietan ia gaztelera hutsez aritu zirela. Hasieran gozo suertatuko zena azkenerako garratz suertatu zitzaigun, euskal kultura gaztelerazko hil-jantziarekin apaindurik, beti legez euskaldunok galtzaile. Eta dena andre batek —sorgina edo— inposatu zigun erdal jokabideari jarraituz, euskaldun jokatuz akaso mindu egingo genukeen eta.
Egun hartan errespetua atera ei zen garaile, andre hura eta beste entzule batzuek ere musikariek emandako azalpenez jabetu zirela kontuan harturik, denok azalpenez jabetu ginela kontuan harturik. Alabaina, hantxe erdaldunak izan ziren gustura geratu ziren bakarrak, euren hizkuntza eskubideak sobera bermaturik. Eta euskaldunok, ostera, isilik eta burumakur, hurkoari diogun errespetuaren lotsaz akaso ala gure gutxiagotasuna onarturik akaso, antzokitik normaltasun osoz irten ginen, ezer gertatu ez balitz bezala. Bertan izan genuen tradiziozko musika, eta tradiziozko estanpa ere bai, lehena belarrietako gozagarri baina bigarrena urteetako hizkuntz zapalkuntzaren tradizioak abian jarritako eraso bortitza errespetuzko ekimen bihurturik. Eta bitartean errespetuaren errespetuz guztion gogoa errespetatzearren, gure hizkuntza bere tokia galduz doa, oraingoan euskal kulturaren esparruan ere bai.
Laburbilduz, horra hor ekitaldiaren emaitza: Errespetua 3, Alboka 2, Euskara 0.5. Berez eredugarria izan zitekeen emanaldia, azkenez lotsagarria suertatu zen, andre erdaldun eta erdalzale baten jokabide erasokorra tarteko. Ze pena!.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)