Getxoko Udaltzaingoak Bilboko 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo, astelehena, bere bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua hautsi eta haren aurkako heriotza mehatxuak egitea egotzita. Emakumeak azaroan aurkeztu zuen atxilotuaren kontrako salaketa, lesioak eragin eta lapurreta egin zizkiolakoan. Horren ondorioz epaitegi batek hura babesteko agindua eman zuen, bikotekide ohiarengana edo horren etxera hurbiltzea edo edozein bitartekoz berarekin hitz egitea debekatuz gizonari. Udal getxoztarreko iturrien arabera, gizonezkoak urruntzeko agindua hautsi zuen eta zenbait telefono dei egin zizkion babestutako biktimari behin eta berriz, hil behar zuela esanez. Halaber, gutxienez behin, emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu zen, eta gertakari horiengatik udaltzainek atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten atzo. Ondoren aske utzi zuten karguekin. Joan den asteazkenean ere
beste gizonezko bat, 26 urtekoa, identifikatu eta auziperatu zuen Getxoko Udaltzaingoak, urruntze-agindua urratzea leporatuta. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.