Fiskalak horrela eskatuta, absolbitu egin dute Urdulizko ospitalearen lehenengo harria jartzeko ekitaldian Ertzaintzak atxikitako gazteetako bat. Getxoko Justizia Jauregian gaur izandako bistan, "fidelki" azaldu dute 2010eko maiatzaren 17ko atestatuan jasotako bertsioa mutikoa harrapatu zuten polizia biek. Independentzia aldarrikatzen duen kamiseta gorria soinean zeramala ikusita, "hirutan, buelta emateko" agindu ziotela adierazi dute ertzainek. "Beste hainbatetan sumatu izan dugu horren pareko kamisetek Segi legez kanpoko erakundearen anagrama daramatela  atzean, lepo aldean", gaineratu dutenez. "Agintaritzari desobedientzia larria" leporatzen zioten gazteak, ordea, "deus esan gabe" atxiki zutela esan du. Hala eta guztiz ere, "legez kanpoko inolako erakunderen logotiporik ez zeukanez, ertzainen errekerimenduei erantzuteko beharrik ez" zuela ondorioztatu du fiskalak eta, ildo horretan, karguak atzera bota. Oraindik, egun berean atxikitako beste mutil bat epaitu behar dute Patxi Lopez lehendakariaren kontrako "irain delitua" egotzita. Argazkian, gaztea harrapatu zuten bi ertzainek deklaratu dute gaurkoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!