![](http://www.ukberri.net/berrirudi/atxiloketa.jpg)
Erandioko 34 urteko senar-emazte batzuk atxilotu ditu Ertzaintzak, 17 urteko alabari tratu txarrak ematea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, adingabeak gurasoen kolpeak eta irainak jasaten zituen, eta ez zuen beharrezko zaintza jasotzen. Egun adingabeentzako zentro batean dago. Gertatutakoa argitzeko lanetan, Ertzaintzaz gain, Adingabeen Fiskaltzak, Gizarte-Zerbitzuek eta ustezko biktimaren ikastetxeak parte hartu dute. Joan den urtarrilaren 27an jaso zuen Ertzaintzak Erandioko gizarte-zerbitzuen abisua. Bere gurasoen tratu txarrak ematen dizkiotela salatu zuen 17 urteko neskak. Alabaren salaketaren eta poliziaren ikerketaren arabera, azken indarkeria gertakaria aurreko asteburuan izan zen. Antza denez, aitak gerriko batekin jo zuen alaba, eta zauriak eragin zizkion bizkarrean, besoetan eta gorputzeko beste parte batzuetan. Salaketaren arabera, gertakari mota hori ohikoa zen, eta duela urte batzuetatik ematen zen. Amak, bere aldetik, iletik tira egin ohi zion, eta telefonora mezuak bidaltzen zizkion irainekin eta gutxiespenekin.