Bestalde, Getxo udalerriko auzokide etorkinei zuzenduta, Udalak informazio bilera bat antolatu du biharko, ostegunerako, Bizarra Lepoan euskara elkartearekin elkarlanean. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Algortako kultur etxean, Villamonten, euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendua azaltzeko: zer den euskara, zein eredu mota dauden eta bi hizkuntzatan egindako hezkuntzaren "abantailak azaltzeko", besteak beste. Batzarrera seme-alabekin joateko aukera ere egongo da, begiraleen zerbitzua jarriko baitute, aurretik 944 660 151 telefono zenbakian abisatuta. Horren berri emateko, Udalak kanpotik etorri eta udalerrian bizi diren 0 eta 6 urte bitarteko umeen 200 bat familiei eskutitz bana bidali die.
Ekimen "baliagarriak"
Udalak urte osoan zehar abian du haur jaioberrien familiei zuzendutako Emaiozu Euskara ekimena eta urtebeteko umeak dituzten gurasoentzako Euskara Ahoan egitasmoa, hezkuntza elebidunaren aldeko hainbat gomendiorekin. 2010ean 1.400 bat familiek jaso zituzten aipatutako ekimenetan bidalitako oparia eta materialak (adinaren arabera, orri-markatzailea, adur-zapia, askarirako poltsatxoa, CDa...). Ekimen horiek guztiak euskararen erabilpena sustatzeko "baliagarriak" direlakoan dago Tokiko Gobernua. Zabaldutako datuen arabera, oraingo ikasturtean Lehen Hezkuntzako 10 ume getxoztar bakoitzeko bost D ereduan ikasten ari dira, hiru B ereduan eta bi A ereduan, duela 20 urte "aldrebes" zen bitartean (sei haurrek ikasten zuten A ereduan, bik B ereduan eta bik D ereduan).