Koska irratia hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgilduta dabil oraindik. Larunbat honetarako, otsailak 5, kontzertua antolatu dute Uribe Kostako irrati librea sufritzen ari den egoera ekonomiko larria apurtxo bat arintzeko. Horrenbestez, iluntzeko zortzietatik aurrera, DAR (Uribe Kosta), 4 Tragos (Ezkerraldea) eta Kasu! (Iruñea) taldeek joko dute Getxoko Txorimalo gaztetxean. Sarrera 4 eurotan izango da. Hala ere, ez da guztia musika izango. Arratsalderako ekimen berezia prestatu dute "Gazte uhinak" irratsaioko lagunek: "Basajaunen txokoa" kalera aterako dute, gure herriko hainbat tokien historia irratsaio batean baleude bezala ezagutzera emanez. Hitzordua 17:00etan jarri dute Algortako Telletxe plazan. Hala ere, heltzerik ez dutenentzat, ordu erdi beranduago lotu dira Aixerrotan. Izan ere, errota bera, Galeako gotorlekua eta Txorimalo gaztetxeari buruzko argibideak emango dituzte, irrati estudioan egongo balira bezala. Ondoren, Txorimalon bertan jarraituko dute azalpenekin. Bestalde, Koska irratian gaur abiatuko da berriro "Irauli uhinak" saioa 18:00etan. Argazkia: cc-by-sa Koska irratia.