Inbertsioekin jarraituz, hirugarren tokian dira hezkuntza zentro publikoak, 133.000 eurorekin. Aipatu diru kopurua orain bi ikasturte Berango-Merana ikastetxean hasitako erreforma integrala amaitzeko erabiliko dute. Nagusiki, oztopo arkitektonikoak kentzeari jarriko diote arreta. Bide horretan, sartu-irteerak errazteko arrapalak eta leiho berriak jarriko dituzte, azken horiek isolamendua areagotu eta energia kontsumoa murrizteko asmoz. Horretaz gain, olanak ipiniko dituzte ikastetxean eta haur eskolan. Bide eta berdeguneen berriztapena ere Berangoko Udalaren "lehentasunen artean" egongo da.
Hainbat lan Santa Ana aldean
Santa Anako parkeak ingurune hori urbanizatu eta zerbitzu egokiez hornitzeko balioko du, behin auzoan Berango Antzokia altxatu dutela. Eraikin hori eta kultur etxe aurreko plazan txikientzako zabuak jarriko dituzte. Horretara 50.000 euro bideratuko dituzte. Beste 40.000 euro ahalik eta informazio panel argitsu gehien jartzeko erabiliko dituzte. Santa Anako eraikin soziokulturalari azken ukitua emateko, berriz, 110.000 euro gorde dituzte. Dirua barruko lokalak banatzeko erabiliko da; baita estalkia eta elektrizitate kableetarako ere. Azken horiek lur azpitik joango dira. Horretaz gain, 35.000 euro baliatuko dituzte Santa Anako kultur etxeko estalkia eta banaketa hobetzeko.