“
Neguko bidaia” izeneko kontzertu-solasaldien zikloaren hirugarren emanaldia izango da bihar, ostirala, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Oraingo honetan, errezitaldi lirikoa eskainiko du Naroa Intxausti sopranoak, Mario Lerena piano-jotzaileak lagunduta. Emanaldian Andres Isasiren, Jose Maria Usandizagaren, Maurice Ravelen eta Charles Gounoden abestiak eskainiko dituzte, udal iturriek zehaztu dutenez. Naroa Intxaustik Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen kantu ikasketak eta emaitza altuenak lortu zituen. Nazioarteko lehiaketetan hainbat sari irabazi ditu eta, egun, Berlinen zein Donostiako Orfeoiarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eskainiko dituen hurrengo emanaldiak prestatzen ari da. Mario Lerena pianista getxoztarrak, bere aldetik, Andres Isasi Musika Eskolan hasi eta Bilboko Goi Mailako Kontserbatorioan bukatu zituen ikasketak. Bere ibilbidean zehar, hainbat sari eta ohorezko aipamen jaso ditu. Bakarlari gisa, besteak beste, Leongo eta Helsinkiko hainbat agertokitan aritu da. Gaur egun, Euskal Herriko eta Aragoiko orkestra eta ahots-talde ezberdinekin elkarlanean dihardu. Kontzertua 19:15ean hasiko da eta sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Argazkia: cc-by-nc-sa
Agirregabiria.