Neguriko ertzain-etxeko agenteek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute sexu-abusua egitea eta adingabeak prostituitzera bultzatzea egotzita. Aipatu laguna duela bi hilabete ere atzeman zuten delitu berberak leporatuta, eta kartzelatu egin dute. Interneten bitartez jartzen omen zen gizonezkoa nerabeekin harremanetan, diruaren truke harreman sexualak izateko asmoz. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen duela hiru aste, ezezagun bat hiru neska-mutilekin
Tuenti sare sozialaren bidez harremanetan jarri zela jakin zuenean, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Aurrerago atxilotu zuten pertsona bera zela egiaztatu zuten agenteek, eta berriro harrapatu zuten atzo, asteazkena, Bilbon. Litekeena da salaketa aurkeztu duten gazteak eskualdekoak izatea; lehen aipatu bezala, Neguriko ertzain-etxeko agenteak arduratu baitira ikerketaz. Ustezko gaizkileari sexu-abusu delitu bat, adingabeak prostituitzera behartzea, eta urruntze agindua haustea egozten dizkiote. Gaur gauean kartzelatu dute, epaileak horrela aginduta.