Bihar, otsailak 4, Agate Deuna bezpera, ez dira gutxi izango koplak abestera kalera aterako diren Uribe Kosta eta Erandioko ikastetxe, elkarte eta lagunarteak. Besteak beste, Getxo udalerrian, 25 urte beteko ditu ohiko koru jaialdiak. Egunean zehar, 33 talde arituko dira tradiziozko kantak abesten kalez kale,
Getxoko Kultur Etxeak aurreratu duenez. Eskola-taldeek zabalduko dute jaialdia goizez. Orotara, hamaika taldek abestuko dute eskola-ordutegian. Bestalde, helduen taldeek eta talde mistoek (guztira, 17 talde) 18:00etatik 21:00etara jardungo dute. Emanaldiak bi gunetan izango dira: lehenengoa, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan; eta, bigarrena, Algorta eta Getxon. Bigarren gune horri dagokionez, abesbatzak Telletxe plazan batuko dira 20:00etan, guztien arteko emanaldia eskaintzeko. Sopelan, berriz, 180 euroko dirusaria jaso ohi dute izena ematen duten taldeek. Horrenbestez, sei toki izango dituzte, halabeharrez agertzekoak. Horietako bi Urgitxeta plaza, 13:00etan edo 18:00etan; eta udaletxeko plaza, 14:00etan edo 19:00etan. Ibilbidea goizez edo arratsaldez egiteko aukera dago. Gainontzeko lekuak ondokoak dira: Irubide taberna, Larrabasterran; eta Gurea, Brendan´s Isle eta Laiak, Sopelan. Bestalde, Leioan, 22 urte beteko ditu aurten Santa Ageda kantuen lehiaketak. Udalerri leioaztarrean, besteak beste, 18:30ean, Lamia AEK euskaltegian jarri du santa eskean ateratzeko hitzordua
Berbalamiñe euskara taldeak. Kantuan bukatutakoan lunch txiki bat eta poteoa egingo dituzte. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.