Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalean egiten ari diren hobekuntza lanen ondorioak "ez direla behar den bezala neurtu" onartu zuen joan den asteazkenean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Tokiko arduradunek aipatu dutenez, "espero baino handiagoak izan dira". Aurreko egunean, "jasangaitzat" jo zuten egoera Ikasle Abertzaleek (IA). "Hilabeteak daramatzagu zaratak eta zikintasuna pairatzen. Baina astelehenean aurkitu genuen egoera benetan tamalgarria da, eraikina aldamioekin zurkaiztuta dago, sabaiak erorita daude, kable guztiak askatuta... eta hori gutxi balitz obrako langileak daude etengabe lanean zarata ateratzen eta eraikin guztia hautsez zikindua dago", azaldu zuen ikasle erakundeak. Astelehenean bertan sinadura bilketa bat jarri zuten martxan eta hurrengo egunerako ikasle asko, "ehunetik gora", errektoretzara joan ziren banan-banan kexa formala jartzera. Bada, dirudienez bere emaitza izan du horrek. Asteazkenean bertan, lehenengo ikasgelategian ematen diren eskolak otsailaren 14ra arte bertan behera uztea erabaki zuen EHUk. Argazkian, obrak Leioa eta Erandioko campusean, artxiboko irudian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!