Era baldarrean, Euskararen Aholku Batzordean botatako esaldi iraingarriei egindako kritikei dagokienez bere hitzekin "errealitatetik kanpo dagoen asmo txarreko irakurketa bat" egin nahi izan dutela adierazi baitu egun batzuk geroago. Hausnarketarako tartea izan ostean, euskara borroka politikorako erabili nahi izatea leporatu die kritika azaldu dietenei… baina berak adierazi du «indarkeria Euskadiko erreferente guztietara lotu duen jendea» egon dela, «euskarara barne». Baina ez al da hori euskara politizatzea? Izan ere, eta berak dioen bezala indarkeria Euskadiko erreferente guztietara lotu duen jendea egon bada, zergatik ez aipatu bestelako erreferenteak? Zergatik ez aipatu finantza mundua? Edo Osakidetza? Edo kirola? Edo merkataritza arloa? Ez al da hori euskara borroka politikorako erabiltzea?
Euskara eta askatasuna. Hitz ederrak benetan. Udalerri euskaldunetan hitz horiek uztartuta dauzkagu. Gure udalerrietan ideologia guztietako herritarrak gara euskaradunak. Eta euskaraz, askatasunez hitz egiten dugu udaletxean, dendetan, tabernetan, medikuarenean… betiere askatasun hori urratuko digun erakunderik (hobeto esan, hizkuntza politikarik… edo hizkuntza politika egokia egin beharko lukeen politikaririk) egon ezean!
Euskararen legea 30 urte betetzear dagoen honetan, zelan da posible oraindik euskaldunoi hizkuntza eskubideak urratzea? Zelan da posible hainbat esparrutan euskaraz aritzeko askatasunik ez izatea? Zelan da posible medikuarenean euskaraz aritzeko eskubidea oraindik bermatu barik izatea? Edo epaitegietan euskarak atzerriko hizkuntzen maila izatea? Edo gizarte segurantza modernizatu honetan «Red sistema» berria euskaraz erabiltzeko askatasunik ez izatea? Edo seme-alabak euskaraz erregistratzeko arazoak izatea? Edo enpresa pribatu —zein publiko— ugaritan euskaraz askatasunez aritzea ezinezkoa izatea? Edo…
Zoritxarrez, zerrenda amaigabe horretan beste hainbat eta hainbat adibide erants genezake. Izan ere, hizkuntza bati askatasun eza batez ere hizkuntza politika gidatzen (eta gidatu izan) dutenek ekartzen diote.
Igaro dira hiru hamarkada euskararen legea onartu zenetik. Garaia da euskara aske izan dadin esparru guztietan. Garaia da euskaradunok geure hizkuntzan hitz egiteko askatasuna izan dezagun esparru guztietan. Guzti-guztietan. Euskararen arnasguneak diren udalerri euskaldunetako herritarrok hizkuntza politika aurreratuak nahi ditugu. Guk geuk, askatasunean eta inork muturra sartu gabe, onartutako hizkuntza politikak. Bada garaia bakoitzak beregain dituen ardurak hartzeko. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko arduradun politikook prest gaude ditugun ardurei ekiteko. Era berean, prest gaude bide horretan gainontzeko erakundeei ahal dugun neurrian eskua luzatzeko. Euskarak bat egiteko, behin betikoz, askatasunarekin.
Jon Bollar UEMAko lehendakaria eta EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kideak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua