Ezker abertzaleak bere alderdi politiko berriaren ezaugarrien eta estatutuen berri emateko bi egun falta zirela, larunbatean Euskal Herriko txoko ugaritan legalizazioaren aldeko mobilizazioak eta ekimenak izan ziren. Besteak beste, Sopelan, pankartak eta kartelak ipini zituzten,
Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Eguerdian giza katea egin zuten eta auzokideen artean esku orriak ere banatu zituzten. "Agintari politikoek eta polizialek jarritako pankarta gehienak kendu dituzte", salatu dutenez. Bestalde, aurreko egunetan piztutako jakin-minaren neurrikoa izan da gaur Bilboko Euskalduna jauregian izandako ekitaldiak eragindako erreakzio sorta. Zalantzarik gabe, erakunde politiko berriaren urratsa eztabaida politikoaren erdian kokatu da eta hurrengo asteotan luze eta zabal hitz egingo dute horretaz.
Rufi Etxeberriaren ahotik berretsi du ezker abertzaleak "helburu politikoak eskuratzeko indarkeriaren edota mehatxuaren erabileraren aurka" dagoela alderdi berria, "errefusatu" egingo duela; "hor barnean kokatzen da ETAren indarkeria ere, zein-nahi delarik hartuko lukeen forma". Horixe bera nabarmendu dute hedabide gehienek. Argazkian, 2010eko abenduaren 17an Algortan ere aldarrikatu zuten ezker abertzalea legeztatzea.