Bizarra Lepoan: "Eskolak euskaldundu behar duelako, egin ezazu D ereduaren alde!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 7a, 17:37
2011-2012 ikasturterako aurre-matrikulazio garaian gaude eta umeak eskolan sartzeko matrikulazio epea otsailaren 11ra arte egongo da zabalik. Iaz, EAEn, lehen aldiz matrikulatu zirenen artean, %73k D eredua aukeratu zuten, %23k B eredua eta soilik %4k hautatu zuten A eredua. Baina Getxon datuak kezkagarriagoak dira: Haur Hezkuntzako ikasleen %47,73 dabiltza D ereduan, %30,53 B ereduan eta %21,74 A ereduan. Bizarra Lepoan euskara elkartean ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen hezkuntzaren alde egiten dugu. Uste dugu Getxoko eta Euskal Herriko ikasle guztiek eskubidea dutela euskara ikasteko, eta, horretarako, bide bakarra D ereduan ikastea da. Horretaz gain, pentsatzen dugu ikasle guztiak euskalduntzeko hezkuntza sistema propioa eta burujabea behar dugula, eta, gainera, eskolatik kanpo ere euskararen ofizialtasuna eta euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika eraginkorrak beharrezkoak direla. Argazkian, 2008ko apirilaren 24an Getxoko udaletxearen aurrean euskalgintzak egindako kontzentrazioaren irudi bat.
Helburu horiek lortu bitartean, beraz, matrikula ezazu zure seme-alabak D ereduan:

- Getxoko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza ardatz duelako: euskara.

- Euskaraz jakitea bermatzen duen eredu bakarra delako.

- Balio erantsia emango dio haurraren heziketari eta orain duen gaitasuna baliatu ahal izango du, bi hizkuntza edo gehiago aldi berean ikasteko. Hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikasteko gaitasuna indartuko du.

- Euskarak gehiago emango dio haurraren heziketari, komunikatzeko aukera zabalagoak eskainiko dizkio eta pertsona gisa hazteko oinarriak errotzen lagunduko dio.

- Beste eredu batzuetan ikasteak baino etekin handiagoa eta emaitza hobeak lortuko ditu. Etorkizunerako erroak sendotuko ditu: lan aukera gehiago izango du. Euskaraz zein gaztelaniaz bikain aritzeko aukera.

Bizarra Lepoan euskara elkartea
bizarralepoan.blogariak.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun