Leioako Kaleko Artisten Azokak maiatzaren 12tik 15era arte ospatuko du bere hamabigarren edizioa aipatu herri uribekostarreko kale, plaza eta espazio publikoetan. Kaleko arteen profesional eta ikuslego zabala biltzen dituen ekimen honetan parte hartzeko 400dik gora eskaera jaso dituzte antolatzaileek. Joan den urtarrilaren 21era arte zabalik egon den deialdira, orotara, 338 erakunde aurkeztu dira. Konpainiekin batera, ordezkari artistiko eta banatzaileek ere euren eskaintzak proposatu dituzte, eta orain, antolatzaileek eta batzorde artistikoak 400dik gora egitasmo aztertu eta baloratu beharko dituzte, azken aukeraketa egiteko eta, hartara, hamabigarren edizioaren programazioa osatuko duten 50 ikuskizunen hautaketa gauzatzeko. "Hori dela eta, Leioako hitzorduak kaleko arteen sektorean duen garrantzia berretsi du beste behin ere, konpainia eta artista askok ikusleen eta profesionalen aurrean euren proposamen artistikoak aurkezteko Leioa hautatu baitute", nabarmendu dute antolatzaileek. Argazkian, iaz plazaratutako ikuskizunetako bat / © Umore Azoka.