Leioako Txomin Aresti ikastetxearen alboan altxatzen ari diren eraikin berriak tokiko musika eskola handitzea ahalbidetuko du eta, horrekin batera, haur eskola berri bat kokatuko dute herri erdialdean. "Obrek martxa ona daramate", udal iturriek adierazi dutenez. Orain, musika eskola berri horren barruko ekipamendua eta egokitzapena esleitu ditu
Leioako Udalak. Horretara bideratutako diru-partida 594.946 eurokoa da, eta urte honen barruan garatuko dira barruko hobekuntza lanak, kanpoko obrekin batera. Espainiako Gobernuak emandako laguntzetatik, 2.201.371,27 euro zuzendu zituen udan zehar tokiko erakundeak,
musika eskola handitu eta haur eskola berria egiteko. Egitasmorako, 2,6 miloi euro baino gehiago (2.636.372 euro) jaso zituzten E Plana delakotik. Hala ere, kopuru hori ez da nahikoa izan musika eskola berria guztiz ekipatzeko. Hori dela eta, Udalak 594.946 euroko partida bideratu du 2011ko aurrekontuetatik, obren pausu guztiak bermatu ahal izateko. Argazkian, obren egoera gaur egun / © Leioa.net.