Kultur Leioak bere webgunea berriztatu du: "proiektua tresna berri eta errazagoak eskaintzeko asmoz sortu da, betiere, erabiltzaileak gunean parte har dezan, egiten diren jarduerak komentatuz eta partekatuz", azaldu dute tokiko iturriek. Webgune berria erosoagoa izan nahi du nabigazioan, errazagoa informazioaren bilaketan eta egokiagoa 2.0 delakoaren beharrizan berrietarako. Hori dela eta, "ahalegin handia" egin dute Kultur Leioaren webgunearen edukiak sare sozial nagusietan (Facebook, Twitter, Del.icio.us, Linkedin, MySpace…) partekatu ahal izateko. Aipatu dutenez, erabiltzaileak Kultur Leioaren webgunetik bertatik sartu ahal izango dira sare horietara. Webguneak bloga ere badauka. Bertan, Kultur Leioaren programazioari buruzko informazioa zehaztasun handiagoz emango da eta, gainera, beste jarduera batzuk ere eskainiko dira: lehiaketak, tailerrak, topaketak, albisteak, eta abar. Argazkia: © Leioa.net.