Ertzaintzak 16 eta 17 urteko adingabeko bana atxilotu zituen atzo gauean Algortan, beste bi gazteri eta emakumezko bati labanaz lapurtzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak gaineratutakoaren arabera, heriotza mehatxuak ere egin zizkieten biktimei. Gertaerak 23:00ak aldera izan ziren: Algortako parke batean, lapurreta egin zietela ohartarazi zioten Ertzaintzari bi gaztek. Horra gerturatuta, erasotzaileen ezaugarriei buruz galdetu zieten poliziek: labana eskuan diru-zorroa eta sakeleko telefono bat ostu omen zieten mutil bik. Minutu gutxitara, handik gertu jasotako beste lapurreta baten berri izan zuten ertzainek. Oraingo honetan, gaizkileen aurka indar egin ostean, emakume batek ezin izan zuen ekidin lapurrek poltsa eramatea. Ihes egiten ari zirela, kapela bat eta labana galdu ei zuten erasotzaileek. Dirudienez, alde egiteko autoa ere hartu zuten. Ustezko lapurrak Itzubaltzeta / Romoko errotondan geldiarazi zituen Ertzaintzak.