Erandioko
Korrika Batzordeak otsailaren 15ean, asteartearekin, egingo du lehenengo bilera,
Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak jakinarazi duenez. Hitzordua 20:30ean jarri dute, Altzagako posta-etxe zaharrean, antzinako azokaren ondoan. Batzarrean, aurtengo edizioaren informazioa, herriko prestaketa, eta abarren berri emango diete hurbiltzen diren lagunei. Hala ere, posible bada, asistentzia konfirmatzea eskatu dute, ondoko e-posta helbidera idatzita:
berbots[abildua]gmail.com. Horretaz gain, inguruko euskaltzale guztien artean deialdia zabaltzea galdegin du Berbotsek. Apirilaren 7an, Trebiñutik irtengo da Korrikaren 17. edizioa. Helmuga, berriz, Donostia izango du hilaren 17an. Eskualdeari dagokionez, eta lasterketaren orduak oraindik finkatzeke daudela, apirilaren 16an erandioztarrek hartutako lekukoa, Leioatik sartuko da eta hortik aurrera, Getxo udalerria, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz zeharkatuko dituzte "euskalakariek",
AEKko kideek euskarari zaletasunaz gain erabilera ere eskaintzen diotenentzat sortu duten hitz berria. Hamaika egun horietan eta bereziki Donostiako jaian
Euskaltzaindia izango da omendua. Argazkian, Korrika Erandion barrena duela bi urte.