Kostaldean 15 txalet altxatu nahi ditu Sopelako EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 9a, 12:45
Otsaileko udal batzarrean eztabaidatuko omen dute berriro Sopelmar eta kanpina arteko lurretan 15 txalet eraikitzeko aukera, Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. EAJren Udal Gobernuak uztaileko osoko bilkurara ere eraman zuen aipatu proposamena. Baina, ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk eta Berdeek atzera bota zuten, aurka bozkatuz. Izan ere, PPk jelkideen alde egin arren, PSE-EE abstenitu egin zen. Gauzak horrela, bertan behera gelditu zen 1988ko Sopelako Arau Subsidiarioetan aurreikusitako proiektua, tokiko kostaldea eta babestutako biotopoa zaintzearen alde eginez. Txaleten sustatzaileek EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa tartean, otsaileko udal batzarrean, "Arau Subsidiarioetan jasotako egitasmo bat ezin dela atzera bota" argudiatuko du EAJk. Uztaileko erabakia bertan behera uzteko, aurka bozkatu edo abstenitu egin zen alderdietako batek horren alde egin beharko du oraingoan. Hori dela eta, gaia osoko bilkurara berriro eramatea gogor kritikatu du ezker abertzaleak: "EAJ bera eta jelkideei babesa adierazten dieten alderdiak enpresa eraikitzaileen nahietara makurtzen arituko dira, beraien interesak kostalde eta ingurumenaren babesaren aurretik jarriz", salatu dutenez. Argazkia: © Sopela.net.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun