Etzi, ostiral herrikoia egingo dute Itzubaltzeta gaztetxean, Txoko Athletic koadrilaren eskutik. Horrenbestez, 20:00etan luncha egongo da eta, ordu bete beranduago, kontzertua Jarraitu taldearen eskutik, sarrera doan. Ezustekoa ere egongo omen da. Bestalde, Kultur Leioan kontzertua emango du Luthea Salom abeslariak, 21:00etatik aurrera. Kantautore gazte hori kanadarra da jatorriz, baina sustrai hispanoak ditu, eta gaur egun New Yorken bizi da. Hasierako kantaria izan da Alanis Morissette, Norah Jones eta Emmylou Harris bezalako artisten kontzertuetan. Malcom Burnen babesa izan du lehenengo bi diskoetan, “Out of without” eta “Sunbeam surrounded by winter” (2008) izenekoetan –Burnek Grammy bat irabazi zuen, eta U2 taldearen ekoizlea den Daniel Lanoisen ohiko soinu-ingeniaria da–. Oraingoan, kantautoreak hirugarren diskoa aurkeztuko digu. Valenti Adellek eta Chris Badamik ekoitzi dute, istorio intimistaz beterik dago, eta oso laudatua izan den berezko estiloa landu du. Sarrera 10 eurotan egongo da.
Larunbat eta igandea
Larunbatera helduta, Sentinel Rock Metal Fest jaialdia egingo dute izen bereko Erandioko rock klubean, Legazpi kaleko 4. zenbakian. Bertan, Los Cojones eta Estudio para la Locura taldeek joko dute, 20:00etatik aurrera. Itzubaltzeta gaztetxean, berriz, Hors Controle, Sin Pegas eta talde gonbidatua izango dira, 20:00etatik aurrera. Sarrera bost eurotan egongo da. Aipatu jaialdian "auzokideak eta ingurunea errespetatzea" eskatu dute.
Amaitzeko, igandean, Josu Bergara kantautoreak abestuko du Sopelako Sekeko gaztetxean, 20:00etan. Gainera, domeka bero guztietan bezala, hanburgesa goxoak, musika eta giro ona ere izango dira.