Getxoko Udaltzaingoak 37 eta 26 urteko bi gizonezko, Bilbo eta Laudioko bizilagunak, atxilotu zituen atzo Garbigunean, indarra erabiliz lapurtzen saiatzea egotzita. Atxilo eramandako bi lagunek aurrekariak dituzte ondasunen aurkako delituengatik, eta horietako lehena non bizi den eta non dagoen jakiteko ikerketa agindua emana zuen Getxoko epaitegi batek, udal iturrien arabera. Gertakariak 19:30 aldera izan ziren, Makaletako Etorbidean dagoen Garbigune barruan. Itxita zegoen arren, barruan lagun batzuk zeudela ohartarazteko deia jaso zuen Udaltzaingoak. Poliziak bertaratu zirenean, bi gizonezko barrutik ihesean ateratzen ari zirela ikusi zuten. Batek korrika jarraitu zuen Gobela ibairantz, uretan sartuz autobideko zubi azpian, udal arduradunek adierazi dutenez. Bigarrena garbiguneko edukiontzi baten barruan aurkitu zuten ezkutatuta. Bi metroko garaiera duen hesia gainditu ondoren, Garbiguneko gauza batzuk batu eta eramateko prest zituztela egiaztatu ei zuten udaltzainek. Argazkian, Getxoko udaltzain bat, artxiboko irudian.