
Juan Ramon Villanueva Zarate Berangoko EAJko zinegotzia zendu zen atzo 56 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz, udal iturriek jakinarazi dutenez. Hezkuntza eta Teknologia Berrien Arloko arduraduna izan zen agintaldi honetan eta, datozen udal hauteskundeei begira, hirugarren postuan zegoen jelkide berangoztarren zerrendan. "Bere balioak, ardurak eta onarpenak hurkoaren alde eskuzabaltasunez lan egitera bultzatu zuten, beti ere nabarmenkeriarik gabe. Bere medikuntza ezaguerak zabaldu zituen herritarren artean eta, gure mugetatik harago, batez ere Saharan", azaldu dute tokiko agintariek. Izan ere, familiako medikua ere bazen Berangoko osasun etxean. Familiarrek, lagunek eta herritarrek Juan Ramon Villanuevari azken agurra emateko aukera izango dute bihar, osteguna, udaletxeko batzar aretoan jarriko duten hil kaperan, 17:30etik 19:00etara. Azken ordu horretan, hileta elizkizunak egingo dituzte Santo Domingo de Guzman elizan. Argazkian, Berango, artxiboko irudian.