Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak aipatu duenez, “birziklapenaren gaineko datuak ikusita, gure udalerria hondakin guztien %20aren gainetik dago oraindik. Honek esan nahi du birziklatutako material kopurua handitzen jarraitzen badugu baikorrak izan gaitezkeela, Bizkaiko Hondakinen 2005-2016ko Planak gomendatutako %26ra iritsi ahal izango garelako”. Aurreko urteetan bezala, Udalak diptikoa prestatu du 2010ko birziklapenerako gaikako material-bilketaren inguruko datu guztiekin, horiei azkenean ematen zaien erabileraren gaineko azalpenak ere jasotzen dituela. Esku-orria etxe, ikastetxe eta udal bulegoetara bidali dute. “Ekimen honen bitartez, Ingurumen Arloak, birziklatzeko getxoztarrak egiten ari diren ahalegin garrantzitsua eta ingurumenari egiten dioten mesedea ezagutzera eman eta txalotzea nahi du, gainontzeko herritarrei jarduera ekologiko hau zein ona den ohartaraztearekin batera”, azpimarratu du Eigurenek.
Birziklatutako materialak
Udal Ingurumen Arloak kaleratutako 2010ko birziklapenerako gaikako material-bilketaren gaineko balantzearen arabera, hondakinen bilketari buruzko datuak aurreko urtekoaren antzekoak dira eta kasu gehienetan %5aren azpitik daude, esate baterako, papera (-%4,34), beira (-%1,19) edo ontziak (-%2,42) bezalako material-bilketan."Adituen ustez krisi sasoietan era hauetako hondakin gutxiago sortzen da”, Eigurenek aipatu duenez. Halere, krisia gehien igarri omen duen atala hondakin handiena izan da. 453 mila kilo batu dira, aurreko urtean (548 mila kilo bilduak) baino %17 gutxiago. Bestalde, beste atal batzuetan izandako gorakada ere txikia izan da azken urtean: ehunetan (+%1,04) edo obra-hondakinetan (+%7,39), hurrenez hurren.
Atalez atal, honako hauek dira birziklapenaren datuak 2010ean: papera, 3.038.152 kilo; beira, 1.627.840 kilo; ontziak, 963.232 kilo; obra-hondakinak, 554.540 kilo; hondakin handiak, 453.280 kilo; ehuna, 252.130 kilo; hondakin elektriko eta elektronikoak (HEE), 19.220 kilo; eta pilak, 6.000 kilo. Egun udalerrian gaikako material-bilketarako dauden edukiontzi ezberdinen kopuruari dagokionez, ontziak botatzekoak (edukiontzi horia) 244 dira; papera biltzekoak (edukiontzi urdina) 204; beirarako (edukiontzi berdea) 187; pilak batzekoak 155 dira saltoki eta ikastetxeetan banatutakoak eta beste 19 gehiago kaleetan daudenak; azkenik, 18 dira ehuna batzekoak, eliza, ikastetxe, osasun zentroetan... banatuta daudela.