Ateak zabalik egon den lehenengo hilabetean 1.100 lagun baino gehiago igaro dira Berango Antzokitik, udal iturriek aipatu dutenez. Euren hitzetan "arrakastatsu suertatu da egitaraua, programazio egonkorrak eta haurrentzako eskaintzak jasotako jendetza handiak argiro adierazten baitu asmatu egin dugula". 30 egunetan gutxi gorabehera mila lagun baino gehiago izan dira, 300 pertsona inguru egon ziren inaugurazio ekitaldia kontuan hartu gabe. Abenduaren 28an hasi ziren ekitaldiak, hiru egunetan izan ziren beste horrenbeste pailazo ikuskizunen bitartez. Horietan guztietan beteta egon zen aretoa: 200 lagun bakoitzeko. Haurrentzako antzerki saio batek eta txikientzako zinema eskaintzak ere harrera ona izan dute, tokiko arduradunen arabera. Hala ere, ez dira bakarrik umeentzako ekitaldiak egon. Musika egitarauak daukan xarma ere agerian gelditu da. Besteak beste, Nagusien Etxeko eta emakumeen elkarteko abesbatzek batera eskainitako emanaldia nabarmendu dute Udalekoek. Publikoaren erantzuna bikaina izan zen, bukaeran txalo zaparrada beroa eman baitzieten. Bestalde, Virginia Cortes akordeoilariak eta Fernando Bravo biolinistak eskainitako kontzertua ia topera egon zen. "Irakurketa bikoitza da: batetik, herriko taldeentzako erakusleiho paregabea da Berango Antzokia. Bestalde, herritarrek emandako erantzuna ezin hobea izan da", azaldu dutenez. Argazkian, abenduaren 23an inauguratu zuten Berango Antzokia / ©
Berangoko Udala.