Ronner Urbina biolinista venezuelarrak eta Maria Alonso-Allende pianista bilbotarrak kontzertua eskainiko dute bihar, ostirala, Areetako Andres Isasi musika eskolan, "
Neguko bidaia" zikloaren barruan. Ekitaldian eskainiko dituzten piezak erromantizismo garaikoak izango: Schubertenak, Brahmsenak eta Ravelenak, besteak beste. Maracaibon jaioa, Ronner Urbinak 7 urte zituen biolina jotzen hasi zenean eta 11 urte zituenean bakarlari gisa ekin zion bere karrerari. Hainbat nazioarteko jaialdietan parte hartu eta gero, Arteetako Asturiasko Printze Saria jaso zuen 2008an. Egun, Alemaniako Mannheim hirian jarraitzen ditu bere ikasketa artistikoak eta musikalak. Ronner Urbinak Bernardus Calcanius (Genoa, 1730) biolina jotzen du. Maria Alonso-Allendek, berriz, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Goi-Mailako Kontserbatorioan ekin zien piano-ikasketei 1989an. Ordutik bere teknika hobetu du hainbat maisuekin eta ikasketak zabaldu ditu Mannheim Goi Mailako Musika Ikastetxean. Hainbat bakarlarirekin errezitaldiak eskaini ditu, Estatu espainiarrean zein atzerrian, eta diziplina desberdinetako bakarlariei lagundu die nazioarte mailako lehiaketetan. 2009az geroztik Bartzelonako Liceoko Goi-Mailako Kontserbatorioko laguntzaile ofiziala da. Biharko kontzertua 19:15ean hasiko da eta sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Argazkian, joan den ostegunean iragarri zuten udal arduradunek
Andres Isasi Musika Eskolako auditorioa guztiz birmoldatuko dutela / ©
Getxoko Udala.