Leioako Udalak behin betiko onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa zehatza, eta horri dagokion Saltuenako Aktibitate Ekonomikoen Parkearen (AEP) ingurumen-inpaktuaren deklarazioa. Santsoena-Santi Mami inguruko ospitale zaharraren lur eremuan kokatuko da enplegua sortuko duen elementu hori. Udalaren eta Udalaz gaindiko erakundeen oniritzia jaso du dagoeneko (urbanistikoak, bideenak, ingurugiroarenak eta lursailaren antolamendurakoak). AEP horrek eraikitako 80.000 metro koadro izango ditu aktibitate ekonomikoetarako, eta 2.000 enplegu sortuko ditu, industria garbikoak eta hirugarren sektorekoak. Udalak Plan Partziala onartu du ere bai. Horrek aipatu proiektua garatzeko balioko du.
EHUko parke teknologikoa
Zientzia-Parkea jartzeko ia 200.000 metro koadroko (20 hektarea) orube handi hori urbanizatzeak 16 milioitik gora baloratutako obrak egitea dakar, udal arduradunek aipatu dutenez. Ikerketa, garapena eta ezagutzan espezializatutako punta-puntako enpresez osatutako parke teknologikoak lekua eman nahi die hurrengo urteetan "kalitatezko" 2.500 enplegu sortuko dituzten hainbat enpresari. Horretarako, 120 milioi euro inbertituko dituzte, 14 eraikin hartuko dituzten 75.000 metro koadroetan eraikitzeko. "Aipatu enpleguei, gainera, aktibitate ekonomikoetarako parkearen lanek irauten duten bitartean sortuko diren ehunka enpleguak gehitu behar zaizkie", gaineratu dutenez.
Ildo beretik, Leioako Udalak eman egin du eraikitzeko bigarren lizentzia, parkearen egoitza-eraikinari dagokiona hain zuzen, 9,5 milioi euroan baloratua. Modu berean, tokiko erakundeak aurki hirugarren lizentzia bat ematea espero du, kasu honetan, Biofisika Unitateari dagokiona, 7 milioi eurokoa. "Gogoratu beharra dago lehen eraikitze-lizentzia, kota zerorainoko lanena, iaz eman zitzaiola espalazio bidezko partikula azeleragailuaren proiektuari, bere osotasunean, eta fase desberdinak hartuta, 180 milioi balio du", azaldu dute Udaletik. Proiektu horiek EAEko eta Espainiako erakundeen laguntza ekonomikoa daukate. "Horrez gain, beste bultzada bat izan dute Estatuko aurrekontu orokorretan, Kongresuan EAJk osatzen duen Euskal Taldeak zenbait zuzenketa aurkeztu dituelako, eta Gobernuak onartu egin ditu", agintari leioaztarrek nabarmendu nahi izan dutenez.