Torturaren aurkako manifestazioa egingo dute bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 10a, 14:33

"Torturari stop! Aski da!" lelopean, manifestazioa egingo dute bihar iluntzeko 8etan Itzubaltzeta / Romon. Martxa Santa Eugenia plazatik irtengo da eta etzidamu, otsailak 13, izango den Torturaren Aurkako Egunaren harira burutuko dute. Deialdia, herrian jarritako hainbat kartelen bidez zabaldu da, horien artean Imanol Beristain bertako gaztearen tortura salaketak irakur daitezkeela. Beristain pasa den urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Segiko Uribe Kostako arduraduna izatea leporatuta. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen AAMk. Bitartean, Leioan aurrera jarraitzen du bertan antolatutako Torturaren Aurkako Asteak. Bestalde, Algortan, Bilbon eta campusean ere mobilizazioak izango dira. Sopelari dagokionez, bihar egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Udaletxeko plazan. Argazkian, hainbat ertzain iazko Torturaren Aurkako Egunean Itzubaltzeta / Romon, torturen aurkako panelak kentzen.

Besteak beste, honakoak dira Beristainek salatutako tortura batzuk:

• "Madrilera eskuburdinekin eraman ninduten, etengabe ukondoka aritu zitzaizkidan bi polizien artean".

• "Buruan poltsa bat jarri zidaten eta ezin zuen arnasa hartu. Hortzekin apurtzen nuenean eskuekin estaltzen zidaten ahoa".

• "Biluztu eta barrabiletatik tiratu ninduten atzetik, indar handiz".

• "50 kolpe baino gehiago eman zizkidaten buruan. Handitzearen ondorioz ezin nuen ezta etzan ere egin".

Joxe Arregi torturatu eta hil zuteneko 30. urteurrena

Joxe Arregi zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", AAMk urtero gogoratzen duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen dutenez. Igande honetan betetzen dira 30 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan zehar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun