Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak
2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Algortakoa ere den Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Azken hori egun berean atzeman zuten Gerben, Bagneres de Bigorre ondoan (Pirineo Garaiak). Ladislao eta Egurrolarekin batera, Javier Gutierrez "Guti" leioaztarra ere hartu zuten atxilo, “lanzadera” lanak egin izana leporatuta. Operazio horretan, Guardia Zibilak
bi egun geroago atxilotu zituen Marimertxe Alcocer algortarra eta Maribel Prieto berangoztarra. Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik egon ziren egunetan "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten bostek. Bestalde, "2008ko uztailetik azarora", Berangoko bien etxean, Asier Borrero ustezko ETAko kide algortarra ezkutatzea egotzi zieten Ladislao eta Prietori; baita Frantziara eramatea ere, Egurrola eta Alcocer "lanzadera" lanetan zebiltzala. "Marimertxe Alcocerrek Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) utzi eta bere aldetik jotzea erabaki zuen espetxean zegoenean", Uribe Kostako AAMk aipatu duenez. Hartara, jasandako torturak bere aldetik salatu zituen epaitegian, baita jendaurrean ere, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia eta Martxelo Otamendirekin batera egindako agerraldian.
Epaiketa
Atxilotu, preso sartu eta baldintzapeko askatasunean irten ondoren, 2010eko maiatzean epaitu zituzten Amets Ladislao, Ibai Egurrola, Maribel Prieto, Xabier Gutierrez eta Marimertxe Alcocer.
Sententzia uztailaren bukaeran eman zuten ezagutzera: Ladislaori 7 urteko espetxe zigorra jarri zioten, Egurrola, Gutierrez eta Alcocerri, bakoitzari 5 urte; eta Prieto, aldiz, absolbitu egin zuten.
Madrilgo lurralde auzitegiaren autoa