Larunbatean EHEren manifestaziora joatera deitu dute hainbat eragilek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 10a, 20:24

Leioako Berbalamiñe euskara taldeak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, LABek, EHBEk, Abertzaleen Batasunak eta "Euskal Herria Ezkerretik" agiria sinatu zuten ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak deitu dute etzi, larunbatean, EHEk antolatutako nazio manifestaziora joatera. Martxa Donostiako Bulebarretik abiatuko da, arratsaldeko 5etan. Berbalamiñek deialdiko manifestua sinatu eta martxan parte hartzera deitu ditu "Leioako euskaldun eta euskaltzale guztiak. 'Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe' izan nahi eta behar dugula aldarrikatu behar dugu". Leioaztarren aburuz, "egun horretan, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeaz gain, bildutako euskaltzaleok Jose Luis Alvarez Enparantzari, Txillardegiri, merezitako omenaldia egingo diogu ekitaldian. EHEren sortzaileetako bat izateaz gain, herri euskaldunaren aldeko mugimenduan eta euskalgintzan erreferente handia dugu Txillardegi. Urteetan erakutsitako borrokarako grinaren eta konpromiso irmoaren aurrean merezitako omenaldia egingo diogu". Aurreko egunotan, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Plentziako ezker abertzalea, Sopela.net, UKBERRI.net, Iratzarri, IA, KI, Bai Euskal Herriari, Gipuzkoako CNT, eta abarrek atxikimendua erakutsi zuten. Argazkian, Portugaleteko EHEk iragarri duenez, bertako autobusean joateko bost leku besterik ez dira gelditzen / © EHE.

Kontseiluaren prentsa oharra

Kontseiluak Euskal Herrian Euskaraz erakundeak antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herrian Euskaraz erakundeak otsailaren 12an antolatu duen manifestazioari atxikimendua adierazi nahi dio ohar honen bidez. Eta horrekin batera, bertan parte hartzeko deia egin nahi die herritarrei.

Gaur egun, oraindik ere, behin eta berriz salatzen ari garen moduan, euskaldunok gure herrian bertan euskaraz bizi ahal izateko traba handiak ditugu. Kontseiluak euskaraz bizitzearen aldeko apustu argia egin du. Horretarako, baina, gaur-gaurkoz ez dira beharrezkoak diren baldintzak betetzen. Baldintza horiek izatea administrazio ezberdinek oztopatzen dute, Euskal Herri osoan. Beharrezkoa da horiek gainditzeari begira lan egitea. Norbanakoek ildo horretan eragile aktiboak izan behar dira. Beharrezkoa da, euskara normalizatzea helburu izanik, euskararen alde egiten duen euskaltzale orok ere ahal duen neurrian bere ekarpena egitea.; bai egunerokoan eta baita era honetako deialdiak egiten direnean bertan parte hartuz.

Euskaraz bizi nahi dugun guztiok, datorren larunbatean hori aldarrikatzeko parada izango dugu Donostiako manifestazioan. Euskaraz bizi nahi dugunok bat eginda, indar handiz bultzatu dezakegu beharrezkoak ditugun baldintzak sor daitezen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun