Getxoko Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Bilbon, erailketa saiakera eta emakumeen kontrako indarkeria delituak egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, atxilotuak labankada eman dio sabelean Getxo udalerrian (ez dute gehiago zehaztu) bizi den bikotekide ohiari. Gainera, urruntze agindua hausteagatik ere eginbideak bideratzen ari dira, gaineratu dutenez. Gertaera goizeko seiak aldera izan da: emakumezkoak Ertzaintzari deitu eta laguntza eskatu du orduan. Ertzainei adierazi dienez, bikotekide ohia giltzak erabilita bere etxean sartu da eta aizto batekin eraso egin dio. Hainbat patruila bertara joan dira, Getxo udalerrian dagoen etxebizitzara, eta emakumeak hainbat kolpe eta sabelean zauri handi bat zuela ikusi dute. Anbulantzia batek Gurutzetako ospitalera eraman du. Bitartean, beste patruila bat Bilboko hirigunera joan da, ustezko erasotzailearen bizilekura. 37 urteko gizona emakumearen bikotekide ohia da eta urruntzeko agindua zuen, polizia iturriek aipatu dutenez. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.