“Eki izeneko proposamen honek Unibertsitatearen hainbat sailetako ikasle eta irakasleen, erakundeen, teknologia-zentroen eta euskal enpresen parte-hartzea lortu nahi du, energiaren ikuspegitik autonomoa izango den eguzki-etxebizitza baten eraikuntzan" azaldu du Victor Araujo EHUko arkitektoak eta ikertzaileak. Hortaz, proiektua zabalik dago unibertsitate-komunitate osoari eta euskal erakundeei, proiektu handinahi eta erakargarri hau aurrera eramateko; izan ere, "plataforma eraginkorra izan daiteke, euskal gizartearen, bere enpresen eta erakundeen ezagutza, teknologia eta ekoizpen-gaitasuna zabaltzeko, estatuan eta nazioartean".
Solar Decathlon Europe 2012
Ezagutza berriak sortzeaz gainera, Solar Decathlon Europe 2012 lehiaketaren helburua biztanleak inplikatzea da, energiaren erabilera arrazionalagoa egin dezaten. Energiaren erabilera eraginkorragoa egitea bideragarria eta eskuragarria dela erakutsi nahi da, neguan berotasun gutxiago galduko duten eta udan fresko egongo diren etxebizitzak eraikita. Horren ondorioz, berogailua eta aire egokitua gutxiago erabiliko dira. Era berean, gutxiago kontsumitzen duten etxetresnak erabili behar ditugu, eta energia eguzkia bezalako energia-iturri berriztagarrien bidez lortu behar dugu.
Etxebizitza eta Hiri Jardueren Estatu Idazkaritzak antolatu du nazioarteko lehiaketa hau, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak (UPM) lagunduta eta AEBko Energia Departamenduak babestuta. Horrez gain, Madrilgo Udalak eta IDAEk lagundu dute, eta bestelako babesleak izan ditu, hala nola: Saint-Gobain -babesle nagusi gisa-, Shneider Electric, Rockwool, Kömmerling eta FCC.