Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Kontseiluak Inbertsiorako eta Azpiegituretarako Urte Anitzeko Plana (2011-2015) onartu zuen joan den osteguneko batzarrean. Datozen bost urteetan 146 milioi euro inbertituko ditu azpiegituretan EHUk. Proiekturik handiena Medikuntza eta Odontologia Fakultatea eta Erizaintza Unibertsitate Eskola hartuko dituen eraikina izango da. Bilbon egongo da, Basurtun hain zuzen, eta 76 milioi pasatxoko aurrekontua izango du. Horrekin batera, beste hainbat egitasmo ere onartu ditu EHUk: Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Psikologia Fakultatearen aurrealdeak eta klimatizazioa berritzea Donostian (6 milioi euro), Leioa eta Erandioko campuseko ekialdeko aparkalekua eraikitzea (9,5 milioi euro), Gipuzkoako Prestakuntza eta Berrikuntzako Balio Anitzeko Zentroa sortzea (7,7 milioi euro) eta Giza eta Gizarte Zientzien Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Zentroa eraikitzea Araban, besteak beste. Argazkian, Irakasleen Unibertsitate Eskola hartuko zuen egoitza berriaren "lehen harria" jarri zuten 2010eko otsailaren 25ean Leioa eta Erandioko campusean.