
Neguriko Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, osteguna, larderiaz eginiko lapurreta leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, ustezko gaizkilea Getxo udalerriko denda batean sartu zen atzo, 20:00ak aldera. Aurpegia estalita eta eskuan labana zeramala, dendako jabea mehatxatu eta diru-kutxa hustu zuela dio Ertzaintzak. Bertsio horren arabera, gizona diruarekin dendatik irten zen eta bere atzean bi lekuko atera ziren korrika. Hori ikusirik, lapurrak aiztoa lurrera bota eta ihesaldiari ekin zion. Alferrik, baina. Izan ere, gaizkilea harrapatu eta atxiki zuten, dendako jabeak deitutako Ertzaintza patruila heldu arte. Poliziek gizonezkoa identifikatu, dendan lapurtutakoak ei ziren 320 euro bahitu eta atxilotu zuten. Ustezko ebasleari asteartean supermerkatu batean egindako beste lapurreta bat ere leporatzen diote, orduan ere kutxazaina labanaz mehatxatu baitzuten.