Igone Lamarain eta Unai Larreategi (EHE): "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 11a, 20:22

Sarri sasi artean ibiltzera ohituta gaude euskaldunok. Gaztelera eta frantsesa direnez hizkuntza nagusiak Euskal Herrian, bigarren mailako herritarrak gara euskaraz bizi nahi dugunok. Euskal Herria eta euskaldunak mendean hartzea helburu duen asimilazio prozesuaren oinarrian hizkuntza-ordezkapena bera dago eta egon da beti. Frantziak eta Espainiak, euren marko juridiko eta konstituzioen bidez, sasi ugari erein dituzte herri euskaldunaren inguruan, eta nazio hizkuntza den euskara menpeko bilakatu da bere herrian. Badugu garaia sasi guztien gainetik gailendu eta Euskal Herrian euskarari zein euskaldunoi dagokigun lekua berreskuratzeko. Argazkian, euskaltzale talde bat biharko manifestaziora deitzen, Bilboko Uribarri auzoan / © EHE.

Euskal Herriak bizi duen gatazkaren muina dugu hizkuntza gatazka. Euskaraz bizi nahi dugunean, gatazka bera bizi dugu. Hala ere, azkeneko urteetan, gatazka gainditzearen inguruko jardun eta diskurtso gehienak, herria bera eta euskaldunak askatzean baino, Euskal Herria lurralde moduan askatzean kokatu izan dira.

Badakigu edozein hizkuntza komunitatek nagusi izango den lurraldea behar duela bizirik mantendu ahal izateko, eta horregatik duela garrantzia handia lurraldea askatzeak. Gainera, espainiar eta frantziar konstituzioek euskarak lurralde hegemonikoa eraikitzeari jartzen dizkieten oztopoak kontuan hartuta, lurraldea askatzea eguneroko jardunean kokatzea garrantzitsua da. Baina lurraldea askatzea herri euskalduna askatzeko tresna moduan ulertuta. Euskaldunak gara norbanako zein herri gisa askatu beharrekoak.

Herri euskalduna menperatzeko tresnak martxan diren artean ez du etenik izango asimilazio prozesuak, horregatik da garrantzizkoa euskara, euskalduna zein hizkuntza komunitatea lehentasunezko izaeraz lantzea. Eta ze bide egin dezakegu horretarako?

Hasteko, asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki euskaldunon eguneroko hizkuntza-praktika sumisoa bilakatu da. Hau gainditzeko zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu eta praktika burujabearen aldeko hautua indartzea dagokigu. Jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa izango bada ere, erabakia kolektiboa da, egin dezagun bada herri moduan euskaldun burujabe bizitzearen alde. Euskaldun izatearen harrotasuna egunerokoaren erdigunean kokatuz, euskaraz bizi den herria nabarmentzea lortuko genuke.

Era berean, lege zein prestigioa egoki landuz lehentasunezko estatusa eskuratu behar dugu euskararentzat bere lurralde osoan. Hizkuntza-politikaren bitartez euskara nagusi izateko neurriak hartu behar dira, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatuz. Baina aldaketa hauek ez daude gure esku, frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik, herriak menpeko izateari laga, eta erabakiak bertatik bertara erabakitzeko aukera izan dezagun, burujabetza behar du Euskal Herriak.

Guri badagokigu euskaldun eta burujabe izateko bidea egitea. Oinarri horretatik euskararen, herri euskaldunaren auzia eguneroko agenda politikoan egoki kokatzeko indar egitea dagokigun bezala. Euskal gatazkaz asko hitz egingo den garaiak datoz eta garrantzitsua izango da gatazka termino egokietan koka dadin eragitea. Baina herri honek bizi duen hizkuntza gatazka lehentasunez jorra dadin nahi badugu aktibatu beharra daukagu euskaldunok.

Ideia hauen alde indar egiten hasteko deitu dugu EHEtik otsailaren 12an mobilizazioa Donostian. Ahalik eta bidelagun gehienen ekarpena ezinbestekoa izango da, beraz euskaldun bihotzeko guztiei bertaratzeko deia luzatzen dizuegu. Euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.

Euskalduntasunaz, burujabetza pertsonal zein kolektiboaz, asimilazioaz, gutxiagotzeaz… luze eta sakon hitz egin dugu azken asteotan. Askotan darabilzkigu gure ahotan termino horiek, hamaika eztabaidaren pizgarri dira baina gure ustez klabeak sasi artetik irten nahi badugu.

Euskaldun izateko gogoa da euskararen inguruko kezketara, euskalgintzara gerturatu gaituena. Eta gogo hori da guztion lan eta jardunaz josteko dugun hari muturra. Beraz, hain garrantzizkoa den izateko gogoa ondo definitzeak garrantzia handia du gure iritziz: Zer da euskalduna? Zer da Euskal Herria? Horra hor gaur egungo korapiloak askatzeko klabeak diren galderak. Erantzun ditzagun ahalik eta adostasun handienaz, jar dezagun asetze bidean gugan bizi bizirik darraien ase gabeko izateko gogoa.

Hedadura txikiko herri handia da gurea, nortasun propioa duena. Eta euskaldunak gutxiengo bat garela sarri entzun behar izaten dugu, baina ez da horrela. Herri gutxiagotua da Euskal Herria. Onartezina da euskaldunak bigarren mailako herritar bezala tratatzea. Gutxiagotze prozesua gainditzeko lehentasuna aitortu eta eman behar zaio euskarari zein euskaldunari.

Zergatik gutxiagotuak? Auzoko bi estatu konkistatzaileek, herri hau irensteko ahaleginetan, euren hizkuntzak inposatu dizkigute maila eta modu ezberdinetan. Horretarako edozein joko-arau erabili dute, eta gaztelera eta frantsesa Euskal Herrian hizkuntza nagusiak izatea lortu dute. Hau izan da, eta oraindik ere bada, mendeak dirauen asimilazio prozesuaren oinarria, euskararen herria menperatu nahi dutelako gure identitatea zokoratuz, sasi artean bizitzera kondenatuz.

Behartutako jokaldi honetan euskaldunok erresistentziarako gaitasun ikaragarria dugula erakutsi dugu. Baina heldu da garaia geure arteko loturak sendotuz defentsan oinarritu izan dugun estrategia aldatzeko. Erasoan, konplexurik gabe jokatzeko garaia da gure iritziz.

Atake ona egiteko momentu honetan non gauden jakitea beharrezkoa da, sasi artean bagabiltza bertatik ateratzeko jokaldia egin behar dugulako. Euskaldunok, bigarren mailako herritarrak izateari lagatzeko, harrotasunez behar gara trebatu, eta euskaraz bizitzeko erabakia hartuta egin behar dugu aurrera. Euskaldun burujabez bete behar dugu ekipoa horretarako. Euskalduna izatearen harrotasuna, euskaraz bizitzeko hautua egunerokoan lehen mailan jartzeko erabakia hartuko duten norbanakoz osatutako ekipoa da beharrezkoa.

Baina partida aukera berdintasunean jokatu nahi dugu. Orain arteko joko arauetan gainzamarekin jokatzera derrigortu izan gaituzte. Eta argi esan behar dugu gainzamarik gabe, aske, inoren menpeko izan gabe jokatu nahi dugula. Geure taktika eta estrategia propioak eraiki nahi ditugula. Behingoz gozatu egin nahi dugu joko zelaian. Handinahirik gabe, inor menperatzeko premiarik gabe. Gure txikitasuna askatasunez bizi nahi dugu.

Eragitea genuen helburu nagusi. Ilusioa zein eztabaida eragitea. Eta gustura gaude orain arte euskaldunengandik zein eragileengandik gure asmo eta irakurketek jaso duten babes eta gertutasunarekin. Badakigu ingurukoekin jardun garela eta izan badirela gure asmoak begi okerrez ikusten dituzten beste hamaika herritar eta eragile ere. Horiek ere gurera erakartzeari uko egiteke ordea, gaurdanik euskararen herria sasi artetik ateratzeko prest gaudenok elkarrekin aritzeak du garrantzirik handiena gure iritziz.

Onerako une historiko gutxiegi bizi izan ditu euskararen herriak. Eta datozen garaiak ere ez dira historikoak izango eragiten ez badugu. Sasi artetik irten nahi badugu ezin dugu jokoan dagoen partidan ikusle rola hartu. Jokalari aktibo izan behar dugu eta herri euskaldunak bizi duen gatazka joko zelaiaren erdigunean kokatzeko ardura guregain hartu behar dugu. Ez da ardura makala, eta banaka zaila izango bada ere elkarlanean asmatzen badugu talde indartsua osa genezake.

Gu partidari ekiteko prest eta gogotsu gaude. Zu ere bertan nahi zaitugu, noski. Ea larunbatean Donostia herritar euskaldun eta burujabez leporaino betetzen dugun!!

Zaindu maite duzun hori!! Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!

Igone Lamarain eta Unai Larreategi, Euskal Herrian Euskaraz erakundeko kideak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun