Bestalde, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko irakaslearen kasuan, akusaziokoek delitua ikusi duten gertaerak izan zirenean europarlamentario zela argudiatu zuen, eta kargu horrek immunitatea ematen duela ohartarazi. Argudio guztiak atzera bota ditu Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegiak, fiskalari eta akusazio gisa ari diren Dignidad y Justicia eta AVT elkarteei arrazoi emanda.
2002ko apirilean hasi zuen Batasuneko kideen aurkako auzia Baltasar Garzon epaileak. 11 pertsona atxilotu eta 75 herriko taberna bahitu zituen, badaezpadako neurri gisa. Administratzaile judizialak ere ezarri zituen, tabernen diru kontuei jarraipena egiteko. Garai haietan europarlamentarioa zela azaldu zuen Landak; beraz, immunitatea zuela. Akusazioa agintaritza hartatik haratago doala esanez bota du atzera Landaren helegitea auzitegiak. Azkenik, hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan.