Otsailaren 24ra arte zabalik egongo da kirol talde getxoztarrek Udalari
2011ko diru laguntzak eskatzeko epea. Guztira, 415.000 euro banatuko dira bertako kirol-elkarteen artean, beraien jardueran sortutako ordainketei aurre egiten laguntzeko asmoz (ekintzen programazioa, lokalak alokatzea, ohiko gastuak...). Deialdian tokiko goi-mailako kirolariek ere parte hartu ahal izango dute. Izan ere, diru-laguntzen beste ildo bat zabaldu da lehiaketetan banaka parte hartu nahi dutenentzat, udal iturriek zehaztu dutenez. Gainera, tokiko erakundeak beste 20.000 euro emango dizkie 8 eta 12 urte bitarteko haurren entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzen duten kirol-talde eta elkarteei. Diru-laguntza horiek emateko balorazio-irizpide batzuk jarraituko dira, eta horien artean nabarmentzen dira: "emakumezkoen kirola sustatzea, immigranteak integratzea, ezintasunak dituzten pertsonentzako ekintzak antolatzea eta taldeak udal kirol-politikan sartzea eskola-kiroleko programen bitartez", azaldu dutenez. Argazkian, hainbat mutil esku-pilotan jokatzen / ©
Getxoko Udala.